2023an dagoeneko

0

4

6

5

2

1

ARRETAK ETA LEKUALDAKETAK egin ditugu
Laguntzen jarraitzeko zure laguntza behar dugu. Lagundu:
38093 • 94 410 10 10

Zer da DYA?

DYA (Detente Y Ayuda) irabazi-asmorik gabeko elkarte soziosanitarioa da, eta 1966tik dabil laguntza deiei erantzuten: “Oraintxe bertan goaz!”.

1966an sortu zuen Juan Antonio Usparichak eta, hasieran, bi funtsezko arrazoiengatik sortu zen DYA:

1- Istripuetako biktimak modu arautuan, metodikoan, seguruan eta eraginkorrean eramateaz arduratuko zen anbulantzia-zerbitzurik ez zegoelako.

2- Istripuen edo matxuren kasuan, gidariek laguntzeko interesik ez zutelako (eta batere ezagutzarik ez).

Horregatik, DYAren anbulantzia hori ezagunek eta Elkarteak larrialdietarako eta jarduera sozialetarako dituen gainerako ibilgailuek hamarkadak daramatzate egunean kilometroak egiten, minutu gutxian beharra dagoen tokian egoteko.

Hasieran zerbitzua soilik asteburuetan eskaintzen zen arren, pixkanaka handituz joan zen anbulantzien kopurua eta 1986an, DYA egunero eta etengabe hasi zen zerbitzua eskaintzen, 24 orduz urteko 365 egunetan.

1986an hasi ziren baita ere Bizkaian ordezkaritzak sortzen, erantzuteko gaitasuna hobetu ahal izateko. Lehenik, Galdakaon, eta gero, Santurtzin, Getxon, Muskizen, Iurretan, Durangon, Sodupen eta Barakaldon.

Izan ere, urteen joanarekin, DYAk bere zerbitzuak gizartearen behar eta eskarietara egokitu ditu.

Hala, edozein jatorritako (istripuetako biktimak eta gaixoak) pazienteei arreta eskaintzeko eta garraiatzeko zerbitzu gisa sortu zena, egun larrialdietako sistema osoa kudeatzen duen elkartea da. Urtean 250.000 arreta eta lekualdatze baino gehiago egiten ditu, esparru ugari hartzen dituzten zerbitzuen bitartez: Osasun larrialdiak, Gizarte Zerbitzuak, Babes Zibila, Egokitutako Garraio Berezia, Prebentzio Zerbitzuak, Osasun eta Larrialdi Prestakuntza eta Gaikuntza, Enplegua Sortzeko Zentro Bereziak, Hondamendietako Nazioarteko Laguntza Humanitarioa, Laguntza Psikologikoa…

Laguntza sozial eta humanitario horri esker milaka bizitza salbatzeaz gain, hainbat sari jaso ditu Estatuan eta nazioartean, esaterako, 2002an jaso zuen Osasun Ministerioaren «Urteko Osasun Instituziorik Onenaren Saria», 2008an Frantziako Barne Ministroak emandako «Bide Segurtasuneko Europako Kanpainarik Onenaren Saria» eta 2010ean Medikuen Elkargo Orokorrak eman zion estatuko ohorezko elkargokidearen medaila.

DYAREN HISTORIAKO MUGARRIAK

1966an sortu zenetik, askotan izan da aitzindaria funtzioak sortzeko, jarduerak antolatzeko eta gidarien eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko Legeak alda zitzaten eskatzeko:

1967an, DYAk “Errepideko Osasun Laguntza” sortu zuen (istripuetako biktimei arreta arautua eskaintzeko eta ospitaleetara anbulantzian emateko zerbitzua) eta zerbitzu aitzindaria izan zen Espainian.

1967an, DYAk triangeluak eta jantzi islatzaileak derrigorrez eraman beharra eskatu zuen. (Triangeluak ez ziren derrigorrezkoak izan 2000ra arte eta txalekoak 2004ra arte).

1968an, DYAk alkoholemia-kontrolak egiteko eskatu zuen eta neurria ez zen 1973ra arte ezarri. Halaber, gidabaimena ateratzeko gaitegian lehen sorospeneko ezagutzak sartzeko eskatu zuen.

1968an, DYAk Estatuko lehen sorospenen eskuliburua argitaratu zuen (“Lehen sorospenak errepidean”), eta, ondoren, Donostiako Zinema Medikoko Jaialdian saritutako hezkuntza-film labur bihurtu zen.

1970ean, DYA salbamendurako eta erreskaterako materialak erabiltzen hasi zen trafiko-istripuak artatzeko: xafla-mozkailuak, etab.

1970ean, DYAk aktiboki hartu zuen parte Bizkaian inoiz izandako tren-istripurik handienean, Urdulizko istripuan, 33 lagun hil ziren eta ehunka zauritu.

1971n, DYAk haurrak ibilgailuen aurreko eserlekuan joateko debekua ezartzeko eta aurreko eserlekuetan segurtasun-uhala erabiltzea derrigorrezkoa izateko eskatu zuen (neurria 1975ean onartu zen).

1972an, DYAk “Oinezkoen Defentsan” kanpaina antolatu zuen Bilbon, eta Estatuan halako ekimen bat egiten zen lehen aldia izan zen.

1974an, kolore horiz margotu ziren DYAko anbulantziak hobeto ikusteko.

1976an, DYAk larrialdietarako telefono-zenbaki bakarra eta gogoratzeko erraza jartzeko eskatu zuen (“112” ezaguna 1983an sortu zen). Une horretara arte, herritarrei bere 94 410 10 10 zenbakia ematen zien larrialdietarako.

1987an, Eusko Jaurlaritzak “Euskadiko trafikoan istripuak eta biktimak murrizteko Plana” aurkeztu zuen.

1998an, DYAk “Trafikoaren Ondorengo Trauma duten Pertsonentzako Laguntza Psikologikoa” doako zerbitzua sortu zuen.

2001ean, DYAk publikoki eskatu zuen Gernika-Lumon Larrialdietarako Ospitalea egiteko, eta duela gutxi inauguratu dute.

2006an, DYAk “Erreskaterako Talde Berezia” (ETB) sortu zuen, hondamendi handietan eta ingurune naturaletan jarduteko.

2013an, DYAk lehenengo 5 anbulantzia hibridoak estreinatu zituen; gutxiago kutsatu eta ingurumena gehiago errespetatzen duten ibilgailuak dira.

2015ean, DYAk TXIKIDYA KLUBA jarri zuen abian, Lehen Sorospenetako prestakuntza eskoletara eramateko doan.

2017an, Arreta Soziosanitariora bideratutako sail berria jarri zuen abian DYAk, mendekotasunera bideratutako hainbat arreta-zerbitzurekin, egoera hauetarako irtenbidea eskaintzeko: gaixotasun kronikoak, zahartzaroa, bazterkeria-arriskua, bakardadea…

2019an, DYAk kalitatezko kudeaketaren ISO 9001:2015 ziurtagiria lortu zuen.